Autoestimua banako bakoitzak bere buruarekiko duen onarpen maila da. Maiz samar ikusten da urduria, suminkorra, adiskide gabea edo ikasle txarra den haur
baten atzean autoestimu txikiaren arazoa dagoela.
Oso lotura estua dago autoestimuaren eta eskolako
errendimenduaren artean. Oro har, eskolan errendimendu egokia duten haurrek autoestimu handia izaten dute, beren ahaleginak direla eta beren burua asebeteta ikusten baitute. Aldiz, errendimendu txikia duten haurrek, sarri, autoestimu txikia izaten dute, eta haien ikasteko eta ikasketen aurrean duten motibazioa murriztu egin da, apurka-apurka.Haur batek autoestimu ona duenean seguru, gai eta baliodun ikusten du bere burua. Arduratsua da eta ingurukoekin behar bezala harremanak izateko gai da, bai eta behar duenean laguntza eskatzeko ere, eta ez du, horregatik, gutxiago dela sentitzen.
Autoestimu txikiak adorerik eza, antsietatea, goibeltasuna edo oldarkortasuna eragin dezake, edo kritikoegi edo bekaiztiegi bihur dadin eragin dezake.
Jarraian, haurren batek autoestimu arazoren bat duela ohartaraz diezaguketen zenbait ezaugarri azaldu ditugu:
- Etengabe arreta bereganatu nahi du, ingurukoen onarpena lortzeko. Eten egiten du, guztiek arreta berari eskain diezaioten.
- Ez da oso lagunkoia. Beldurra dio beste haur batzuekiko harremanari. Zailtasunak ditu lagunak egiteko. Ez da oso parte-hartzailea eta ez du beste haur batzuekin jolasteko ilusiorik. Ingurukoek berarengan eragina izan dezaten uzten du.
- Okertzeari gehiegizko beldurra dio. Ez du bere dohain bat bera ere balioesten.
- Goibel egoten da eta ez dio ia ezerk ilusioa pizten.
- Onena izatea lortzen ez duenean, neurriz kanpoko frustrazioa sentitzen du.
- Konfiantza txikia du bere buruarengan, eta barregarri geratzearen sen handia du. Ez dio bere buruari akatsik egiten uzten. Ez da ausartzen ekintza berriak egitera, gaizki irteteko aukera dagoelako.
- Pentsamenduak modu negatiboan adierazten ditu, honelako adierazpenak erabiliz: “Ez dut INOIZ ezer ongi egiten”, “BETI ateratzen ditut nota txarrak”, “INORK ez du nire adiskide izan nahi”, eta abar.
- Gainerakoen proposamenak ukatzeko jarrera du.
- Ez du bere gaitasun bat bera ere balioesten: “penagarria naiz”, “ez dut ezertarako balio”.
- Jarrera oldarkorra erakusten du. Oldarkortasuna erakusten du, frustrazioaren eta norberaren segurtasun ezaren ondorioz.
- Blokeatu egiten da, eta ez da erronka, arazo edo egoera berriei erantzuna emateko gai izaten.
Gurasoek hainbat estrategia erabil ditzakete seme-alabek autoestimu-arazorik izan ez dezaten, baina ez dago haur guztientzat berdin balio duen errezeta magikorik. Hala ere, oinarrizko zenbait jarraibide iradoki ditzakegu. Hona hemen:
- Eman aukera haurrari independente izateko, erabaki txikiak hartzeko eta bere adinerako egokiak diren erantzukizunak izateko: arropa aukeratzea, bere kabuz janztea eta abar.
- Aldian-aldian, lausengatu edo hitzez saritu ondo egiten dituen gauzak, nahiz eta “ohiko betebehartzat” jotzen diren. Adibidez: etxeko lanak egitea, jostailuak bere tokian uztea eta abar.“Zein ongi utzi duzun logela gaur”, “Zoragarria da matematikan egin duzun lana” eta antzekoak.
Zerbait lausengatzen —hitzez saritzen— denean, “baina” daramaten esapideak saihestu beharko dira: “Zein ongi egin duzun gaur, BAINA atzo ez zenuen ezer egin” - Alderaketak saihestu egin behar dira beti. Zer hobetu behar duten jakinarazi behar zaie eta, batez ere, nola hobetu dezaketen esan behar zaie, baina inoiz ere ez besteren batekin alderatuz, ez ikaskideekin, ez eta anai-arrebekin ere, jakina.
- Ez kritikatu, irainak edo laidoak erabiliz: “Alfer hutsa zara, ez duzu inoiz ezer egiten”. Horrelakoetan, nahitaezkoa da jokabide desegokia zehaztea eta ez pertsonalizatzea: “Ez zait gustatzen etxeko lanak egiteko orduan jolasten egotea”. Azken modu horretan ez diogu haurrari irain egingo; saihestu beharreko jokabide jakin bat aipatu dugu.
Saihestu etiketak; etiketek haurrak kalifikatzen dituzte, baina ez beren jokabidea: “Negarti hutsa zara”, “Penagarria zara”... Gurasoek haurraren inguruan esaten dutenak gogor baldintzatuko du haurrak bere buruaz izango duen ideia. - Akatsak egitea normala dela eta akatsetatik ikasten dela irakatsi behar zaie: “Normala da, hasieran, kenketa horretan okertzea; ikusiko duzu: zenbat eta gehiago egin, orduan eta hobeto egingo dituzu”.
- Muga argiak jarri, eta irakatsi jokabide desegokiak ekar diezazkiokeen ondorioak iragartzen: “Logela atontzen ez baduzu, ez zara jolastera joango”. Ez da egin behar inoiz beteko ez den zigorren mehatxurik.
- Haurrarekin denbora igaro (egunean ordu erdi, gutxienez), harreman fisikoa izan, berarekin jolastu, bere bizipenen, kezken eta arduren inguruko interesa erakutsi eta abar.
- Bere ideiak balioetsi eta bere helburuak edo xedeak bete ditzan animatu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario